XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ala, zeure alboan zutunik daukazun gorputz liraindun neska gerri estu, hankaluze, dotore, alaiaren ikuspegitik zeure barruko lorrina eta mina babesteko?

Haren maitasunezko begirada luzea bete betean zeuganantz datorrela igarri dozu, zeure samintasun lodi bustia zulatu guran eta lotsaturik itxi zaitu.

Lotsaz gorrituago egin jatzu, suzko iretargi betea dozun aurpegi biribil gorri hori.

Zidarrezko sustrai dizdiratsuak zure barruan edonorantz bota guran aurkitu dozulako haren begietan asmoa.

Zure barruan barruragotuz sustraiok hedatu ahala bere poztasunagaz zeure gogo txepel hori ernaldu guran.

Urkuldu bako gaztainea errekeran lehertzen dan antzera zeure mingostasuna be zartatu eta zati-zati egitekotan.

Eta ikaratu egin dau sorkeriaz betetako zeure geldi egote ustela.

Makurtu egin da ha, zeuganantz, suzko iretargi betean izar urdin dozuzan begiak alboratu dautsozuzanean eta dotore orraztutako bere ule luze gozatsuak ikutu egin dautsu, osta-ostan, matrailako azal berotua, sama ondoan be belarriostean lez eta batera kilikili arina egin izan dautsula.

Eta poztasunezko hotzikara sakona sorrarazo dautsu.

Osorik zirraratu dau zure gorputz astuna.